"Zapatu Urdiñe"

Lehenik eta behin nire zorionik beroenak zuon azken asmakizuna dela eta itsaso beteko jaia antolatu duzue. Eta arrakastatsua. Are gehiago poztu naute jai hori antolatzeko orduan izan dituzuen asmoek. Aldizkaria egiten duzuen ordezkari biri Uxola irratsaioan entzun nizuenez, aspaldiko Ondarroako ohitura zaharrak, eta era berean alde zaharra bera ere berreskuratzea nahi duzue. Txalogarriak zuen asmoak. Kamiseten muntaia berri hori ahaztu gabe, jakina.

Hala ere, akats bat aurkitu diot zuen ekimen honi. Eta aldizkariaren harpidedun naizenez, konfiantza osoz hurbiltzen natzaizue nire iritzia azaltzera. Egunari jarri diozuen izenaz, Zapato azule alegia, ari naiz. Nire ustez, ez duzue izen egokia hautatu. Hobeto esanda, ez duzue izena bera egoki erabili. Eta nire iritzi honen zergatia emango dizuet labur-labur.

a) Zapato. Ongi deritzat herriak erabiltzen duen hitza bera erabiltzea. Baina inork deitzen dio Ondarroan eta Bizkai osoan zapato larunbatari? Nik behintzat beti entzun izan dut zapatue eta Ondarroan zapatu. Zapato hori, nire ustez, zuotariko bateren batek asmatu du. Eta guztiz desegoki, nire ustez. Herriari eta herriko hizkuntzari lotsa gorde behar diegu.

b) Azule. Hau beste kasu bat da. Egia da herriak oraindik erabiltzen duela azule hitza. Baina ez al dira gehiago urdiñe hitza erabiltzen dutenak? Ez al dira Ondarroan bertan non-nahi entzuten jantzi urdiñe edo erropa urdiñe eta antzekoak esaten?

Are gehiago. Beste arrazoi bat ere badaukat urdin hitza erabiltzearen alde. Hain zuzen euskara bera txukuntzeko urte luzetan egin den ahalegina ere kontuan eduki behar dugula uste dut. Hainbat belaunaldik egin duten lana da hori. Eta eskertu behar diegu, aintzat hartuz. Euskaltzaindiak berak ere baztertu du azule hitza.

Nire kasua aipatuko dizuet. Nik umetan urdin hitza ez nuen ezagutzen. Edo ez nuen erabiltzen, behintzat. Gero, azule ahaztu ez bazait ere, urdin erabiltzera iritsi naiz Osmosis delakoaren bitartez. Ondarroako herrian ere, orokorrean, berdin gertatu dela uste dut. Arrantzale egunaz ari garenean, urdiñez jantzita eta horrelakoak esaten ditugu. Inolako inposaketarik eta garbizalekeriarik gabe. Normaltasun osoz, baino.

Txukuntze prozesu luze honetan, beraz, atzerapausu bat dela deritzat azule hitza erabiltzen hastea. Are gehiago kanpora ere esportatzen badugu. Atzo bertan, EGIN egunkariaren azken orrialdean Zapato azule eguna irakurri nuenean, egia esateko, atzerakada bat eman zidan. Min hartu nuen.

Zapatu urdiñe, beraz. Hauxe da nire iritzi apala. Baita nire proposamena ere. Aldaketa egiteko garaian gaude oraindik. Besterik gabe, agur bero bat denoi. Eta segi aurrera.


Imanol Oruemazaga 

3. Bolo Bolo (1998ko udazkena)